| « BOTAKETA | Barikuan AgroManifa Bilbon » |
Azkeneko urteetan gero eta sarriago, gero eta eremu zabalagoetatik (politiko, sindikal eta gizarte eragileak) Euskal Herriaren subirautsaz hitzegiten da, dela batzutan alde, dela batzutan, komunikabide gehienetan egia esan, aurka.
Aspaldiko kontuak dira autonomia gehiago, eskumen gehiago eta abarreko diskurtsoak. Gaur egun hemen eta inguratzen gaituzten bi estatutetan puri-purian dagoena subirautsa da, herriak erabakitzeko eskubidea eta eskubide horrekiko errespetoa.
Badira hitz potoloetatik haratago doazen diskurtsoak eta biharko egunearen zai egotetik haratago doazen praktikak ere. Horietatik bat Elikadura Subirautsa da, euskal nekazaritza alorretik batikbat jorratzen eta aldarrikatzen ari dena eta bertoko instituzioetatik heldu nahi ez den gaia; alderantziz, inor baino globalago izan nahi dute agintari hauek.
Urdaibaiko kasuan erreza da Elikadura Subirautsaren azalpena. Baditugu bi herri non eskualdeko biztanle gehienak bizi diren, Gernika-Lumo eta Bermeo, eta hauek inguratzen ditugu alde batetik itxasoa eta bestetik basarri, solo eta lantzarrak.
Gernika-Lumoko kasuari erreparatzen badiogu, jendea bizi den gunea dugu eta bere inguruan jatekoa sortzeko aproposak eta, are gehiago, beharrezkoak diren nekazal lurrak ditugu, mendeetan zehar bizi-gunearen jatekoaren ardura izan dutenak. Inguruko nekazal eramuak janaria sortu eta erdiko biztanle guneak jatekoak lortu eta trukean zerbitzuak (dendak, sendagileak, kultura…) eskeini eskualdeari. Eta sasoi batean horrela izango zen. Baina eskema hau urratua dago jadanik.
Edozein jateko dendara joan –zenbat eta haundiagoa txarrago gainera- eta errez errez aurkituko dituzu: Marokon hazitako Gernikako Piperrak, Txileko lebatza, Frantziako patatak. Almeriako tomateak, Txinako zainzuriak, Brasilen jaio, Indonesian hazi eta Alemanian hildako oilo bidaiariak –tira, azken finean hegoak dituzte munduan zehar bidaiatzeko-, Seichellesetako atunak, Extremadurako indabak, Frantziako esnea Galiziako sagarren sagardoa, Castilla-La Manchako txakolina, Sudafrikako laranjak, Zelanda Berriko kiwiak, Costa Ricako mahatsa…
Zerrenda oraindik askoz luzeagoa egin daiteke. Ireki zuen hozgailuak eta hasi jatekoen nondik norakoak begiratzen. Hor, bazterrean, letra txikiena dagoen txoko horretan. Ea zenbatek duten “Urdaibaien sortua”.
Argi dago Urdaibai ez dela behar duen jateko guztia sortzeko gai eta bai Euskal Herriko beste eskualde batzuen, bai beste herrialde batzuen premia dugula. Nekez lortuko dugu bertoko kafea, aguakateak, platanoak, edo eta abar, eta abar sortzea. Gure lurrak ez du horretarako balio. Nekez itzuliko gara ere ertaroko sasoira non Lekeitiok bertoko laranjak esportatzen zituen.
Baina bidea ez da bertan gero eta basarritar gutxiago, gero eta arrantzale gutxiago egotea, gero eta jateko gehiago behar denean. Nahitaez behar dugun hau bultzatu beharrean, egiten den esfortsua agroindustriari zuzenduta dago, hemendik kanpora exportatzeko. Baina nora esportatu nahi dute gure jateko gehiena kanpokoa bada!
Subirautsa elikatu beharrean, subirautsa jaten gabiltza Urdaibaien.