Zuetariko askok Arnold Schwarzenegger izango duzue buruan oraintxe berton eta ea Schwarzenegger Busturialdeko gobernadore izateko hauteskundeetan aurkeztuko ote den edo zergatik aipatu dudan Terminator delakoa. Ez dut gaurkoan hauteskudeetaz idatziko. Izandakoak izan dira eta ez du zentzu larregi guretzat ezer aldatuko ez duten hauteskunde batzuetaz hitzegitea.
Ez naiz ezta Schwarzenegger delakoaz arduratuko, hori Kaliforniako biztanleek egin dezatela. Bai, ordea, Terminator delakoaz. Ez pentsa filman bezala birsortu eta bisortu egiten den zerbaitetaz idatziko dudala. Izan zitekeen gure eskualdean apurka apurka hedatzen ari den Eukaliptoari buruz. Honek, errotik mozten baduzu, beste arbola bat sortzen du, eta suteren baten erretzen bada ere, berriz sortzen da. Izan daiteke Terminator era bat.
Baina ez, gaurkoan beste Terminator bateaz ari naiz. Egia esan, sortzaileek ez dute horrela deitzen, sortzaileek Erabilpen Genetikoa Mugatzen duen Teknologia deitzen diote, izan luze batekin ezer gutxi adierazteko, baina kontra dauden mugimenduek Terminator deitzen diote… diogu.
Hazi bat da. Hazi mota bat. Bere ezaugarria, transgenikoa izateaz gain, zera da, hazi hori antzua da, ezin da berriz erein. Sortzaileek horrela transgenikoen kutsadura mugatzen dela diote, horregatik sortu dutela eta egia da, baina erdizkako egia, hau da, gezur mota txarrena. Egia da landareak ematen duen hazia antzua dela,baina hazia egin aurretik naturara zabaltzen duen polena ez da antzua. Honen ondorioz, landereak sortutako hazi antzuez gain, inguruetako mota bereko landareen haziak ere antzutu ditzake.
Ez da zientzia-fikzioa, zientzia-terrorea baizik. Edo zientzia-terrorismoa. Baina Terminatorren gertatzen zen bezala, Terminator2, Terminator3 eta auskalo zenbat gehiago egingo dituzten, Terminator haziak badu bere ondorengoa, sortzaileen hitzetan Transcontainer eta herriaren hitzetan, beti argiagoak, Zombi deritzona. Hau ere antzua da, baina hazia saldutako enpresa berak saldutako likido batekin tratatuz gero, bere antzutasuna galdu eta berriz ernetzeko gai bihurtzen da, Zombiek bezala heriotzetik itzultzeko gaitasuna du. Ez nago fabulatzen, euskaldunon atsotitzei joz, izena duena bada, eta bai Terminatorrak, bai Zombiak, badiren gauzak dira.
Gure artean baditugu beste Terminator bat ordea. Ez da zientifikoa, politikoa baizik, agropolitikoa izen berri bat ematearren.
Duela aste gutxi batzuk, Bizkaiko Nekazal diputatua kezkatuta agertu zen prentsaren aurrera, Gernikako Indaba arriskuan zegoela plazaratzeko. Arriskuan gaur egun labela duen indaba horrek bi ekoizle bakarrik dituelako. Pentsa, hainbeste diru promozioan, hainbeste politikastro gauza hauen irudiaz aprobetxatu nahian eta bi baserritar besterik ez daude horren atzean. Produktuaren promozioa bai, baina non utzi dute produktoreen promozioa. Egia da baserritar gehiagok sortzen dugula bertako indaba. Baina Diputazioko buru argi horiek Gernikako Indaba exportatzeko ametsetik, bere desagerpeneko ametsgaiztora eraman gaituzte. Horiek ere, Zombiak bezala, baserritarron heriotza eta gero berpiztuko dira beste proiektu handiren batekin, orain sasia exportatuko dugu.