Azkeneko urteetan gero eta sarriago, gero eta eremu zabalagoetatik (politiko, sindikal eta gizarte eragileak) Euskal Herriaren subirautsaz hitzegiten da, dela batzutan alde, dela batzutan, komunikabide gehienetan egia esan, aurka.
Aspaldiko kontuak dira autonomia gehiago, eskumen gehiago eta abarreko diskurtsoak. Gaur egun hemen eta inguratzen gaituzten bi estatutetan puri-purian dagoena subirautsa da, herriak erabakitzeko eskubidea eta eskubide horrekiko errespetoa.
Badira hitz potoloetatik haratago doazen diskurtsoak eta biharko egunearen zai egotetik haratago doazen praktikak ere. Horietatik bat Elikadura Subirautsa da, euskal nekazaritza alorretik batikbat jorratzen eta aldarrikatzen ari dena eta bertoko instituzioetatik heldu nahi ez den gaia; alderantziz, inor baino globalago izan nahi dute agintari hauek.
Urdaibaiko kasuan erreza da Elikadura Subirautsaren azalpena. Baditugu bi herri non eskualdeko biztanle gehienak bizi diren, Gernika-Lumo eta Bermeo, eta hauek inguratzen ditugu alde batetik itxasoa eta bestetik basarri, solo eta lantzarrak.
Gernika-Lumoko kasuari erreparatzen badiogu, jendea bizi den gunea dugu eta bere inguruan jatekoa sortzeko aproposak eta, are gehiago, beharrezkoak diren nekazal lurrak ditugu, mendeetan zehar bizi-gunearen jatekoaren ardura izan dutenak. Inguruko nekazal eramuak janaria sortu eta erdiko biztanle guneak jatekoak lortu eta trukean zerbitzuak (dendak, sendagileak, kultura…) eskeini eskualdeari. Eta sasoi batean horrela izango zen. Baina eskema hau urratua dago jadanik.
Edozein jateko dendara joan –zenbat eta haundiagoa txarrago gainera- eta errez errez aurkituko dituzu: Marokon hazitako Gernikako Piperrak, Txileko lebatza, Frantziako patatak. Almeriako tomateak, Txinako zainzuriak, Brasilen jaio, Indonesian hazi eta Alemanian hildako oilo bidaiariak –tira, azken finean hegoak dituzte munduan zehar bidaiatzeko-, Seichellesetako atunak, Extremadurako indabak, Frantziako esnea Galiziako sagarren sagardoa, Castilla-La Manchako txakolina, Sudafrikako laranjak, Zelanda Berriko kiwiak, Costa Ricako mahatsa…
Zerrenda oraindik askoz luzeagoa egin daiteke. Ireki zuen hozgailuak eta hasi jatekoen nondik norakoak begiratzen. Hor, bazterrean, letra txikiena dagoen txoko horretan. Ea zenbatek duten “Urdaibaien sortua”.
Argi dago Urdaibai ez dela behar duen jateko guztia sortzeko gai eta bai Euskal Herriko beste eskualde batzuen, bai beste herrialde batzuen premia dugula. Nekez lortuko dugu bertoko kafea, aguakateak, platanoak, edo eta abar, eta abar sortzea. Gure lurrak ez du horretarako balio. Nekez itzuliko gara ere ertaroko sasoira non Lekeitiok bertoko laranjak esportatzen zituen.
Baina bidea ez da bertan gero eta basarritar gutxiago, gero eta arrantzale gutxiago egotea, gero eta jateko gehiago behar denean. Nahitaez behar dugun hau bultzatu beharrean, egiten den esfortsua agroindustriari zuzenduta dago, hemendik kanpora exportatzeko. Baina nora esportatu nahi dute gure jateko gehiena kanpokoa bada!
Subirautsa elikatu beharrean, subirautsa jaten gabiltza Urdaibaien.
Bariku honetan, Maiatzak 9, goizeko 11etan Moyua Plazan
Udaberrian gaude eta baserrietan hamaika lan daude egiteko sasoi honetan. Gure baserrien egoera larriagatik ez bazen izango, oraintxe berten hemen gauden baserritarrok lanean arituko ginen. Lanean izango ginen ere datorren barikuan, Maiatzak 9, ezin dugula gehiago adierazteko Bilbon egingo dugun manifestazioan egongo ez bagina.
Ezin dugu gehiago. Bizkaiko baserrion egoera jasanezina da. Zuek komunikabideak, egunero zabiltzate honen gasoleoaren prezioa igo dela esaten, urunaren prezio igo dela esaten, euriborra igo dela esaten…. eta horiek denak gorantza doazen artean baserritaron gure produktuengatik jasotzen jasoten dugun beherantza doa. Dena doa gorantza, baina esne zentralak baserritarrari esnearen truke ordaintzen diona 0,46 baino gehiagotik 0,36 zentimotara pasatu da erabaki unilateral batean. Honela ezin dugu.
Ezin dugu gehiago, instituzioek miloiak eta miloiak inbertizen dituztenean errepideetan jatekoa kanpotik ekartzeko, bertoko baserriak hutsik geratzen diren artean.
Ezin dugu gehiago, instituzioek autosuficiencia energetikoaz hitzegiten digutenean. Gure soloetatik energia lortu nahi dute, energia horrekin beste munduko puntatik jatekoa ekartzeko.
Ezin dugu gehiago, instituzioek lagundutako banaketa enpresa haundiek jatekoa munduko beste baserritar batzuei miseria bat ordainduta lortzen dutelako. Eta haien miseria gure miseria da, han esplotaziozko ordainsariak direnak, hemen baserritarron desagerpena dira.
Ezin dugu gehiago, baserritarroi lau zentimotan ordaindutakoa erosleek 4 eurotan erosi behar dutenean merkatal zentruetan.
Ezin dugu gehiago, jatekoa produzitzea kostatzen zaiguna baino oraindik gutxiago ordaindu nahi digutenean gero eta gehiago irabazten dituzten banaketa enprea haundiak.
Eta ezin dugu gehiago, instituzioek baserritarrok kontrolatzeko gero eta funtzionario gehiago dituztenean eta bitartean ez dute ezer egiten enpresa haundiek egindako fraude, dunpig politika eta abarrekin.
Euskal Herrian inon ez bezala jaten dela esaten dugu harro harro euskaldunok, baina errealitate gordina zera da: jaten dugun hori gero eta gutxiago dela berton sortua. Horrela ezin dugu jarraitu, ez baserritarrok, ez kontsumitzaileok.
Bada interneten nekazaritza, elikadura, transgenikoak eta mundu horretaz zerbait jakin nahi duzuenontzat/dugunontzat oso interesgarria den webgune bat: www.etcgroup.org Zoritxarrez ez dago euskarazko bertsiorik. Inor animatuko bazen gauza ederra litzateke.
Taldeko Silvia Ribeiro hainbatetan izan da Euskal Herrian batez ere EHNEk egindako bileratan eta aipatzen dituzten gauzek merezi dute hausnarketa bat.
Agian Euskal Herrian dagoen hurrengoan hitzaldiren bat edo antolatu daiteke Busturialdean…
Begiratu www.etcgroup.org