Europear Komisioak dituen burutazioen artean hurrengo hau dago: 2020. urterako konstumitzen dugun erregaien %10 “bio"erregaiez osatua izan behar da. Eta “bio” hori ez da era biologiko edo ekologikoan lortutako erregai, edota beti erabili izan dugun bio-erregaia, hau da, zuhaitzen egurra erretzea.
“Bio” hori petroleoaren multinazionalek bultzatutako negozio ikaragarri bat da, jatekoa sortu beharrean diesela sortuz soloetan.
Europear Komisioko Durao Barrosok botaketa bat deitu du bere web orrialdearen bitartez europearrok egitasmo horren alde edo kontra gauden jakiteko.
“Demokrazia europear” honek demokraziaren zantzu askorik ez duen arren, hemen duzu zure ezezkoa (edota baiezkoa artaburu bat bazara) emateko helbidea:
http://ec.europa.eu/commission_barroso/president/focus/cap/index_en.htm
Azkeneko urteetan gero eta sarriago, gero eta eremu zabalagoetatik (politiko, sindikal eta gizarte eragileak) Euskal Herriaren subirautsaz hitzegiten da, dela batzutan alde, dela batzutan, komunikabide gehienetan egia esan, aurka.
Aspaldiko kontuak dira autonomia gehiago, eskumen gehiago eta abarreko diskurtsoak. Gaur egun hemen eta inguratzen gaituzten bi estatutetan puri-purian dagoena subirautsa da, herriak erabakitzeko eskubidea eta eskubide horrekiko errespetoa.
Badira hitz potoloetatik haratago doazen diskurtsoak eta biharko egunearen zai egotetik haratago doazen praktikak ere. Horietatik bat Elikadura Subirautsa da, euskal nekazaritza alorretik batikbat jorratzen eta aldarrikatzen ari dena eta bertoko instituzioetatik heldu nahi ez den gaia; alderantziz, inor baino globalago izan nahi dute agintari hauek.
Urdaibaiko kasuan erreza da Elikadura Subirautsaren azalpena. Baditugu bi herri non eskualdeko biztanle gehienak bizi diren, Gernika-Lumo eta Bermeo, eta hauek inguratzen ditugu alde batetik itxasoa eta bestetik basarri, solo eta lantzarrak.
Gernika-Lumoko kasuari erreparatzen badiogu, jendea bizi den gunea dugu eta bere inguruan jatekoa sortzeko aproposak eta, are gehiago, beharrezkoak diren nekazal lurrak ditugu, mendeetan zehar bizi-gunearen jatekoaren ardura izan dutenak. Inguruko nekazal eramuak janaria sortu eta erdiko biztanle guneak jatekoak lortu eta trukean zerbitzuak (dendak, sendagileak, kultura…) eskeini eskualdeari. Eta sasoi batean horrela izango zen. Baina eskema hau urratua dago jadanik.
Edozein jateko dendara joan –zenbat eta haundiagoa txarrago gainera- eta errez errez aurkituko dituzu: Marokon hazitako Gernikako Piperrak, Txileko lebatza, Frantziako patatak. Almeriako tomateak, Txinako zainzuriak, Brasilen jaio, Indonesian hazi eta Alemanian hildako oilo bidaiariak –tira, azken finean hegoak dituzte munduan zehar bidaiatzeko-, Seichellesetako atunak, Extremadurako indabak, Frantziako esnea Galiziako sagarren sagardoa, Castilla-La Manchako txakolina, Sudafrikako laranjak, Zelanda Berriko kiwiak, Costa Ricako mahatsa…
Zerrenda oraindik askoz luzeagoa egin daiteke. Ireki zuen hozgailuak eta hasi jatekoen nondik norakoak begiratzen. Hor, bazterrean, letra txikiena dagoen txoko horretan. Ea zenbatek duten “Urdaibaien sortua”.
Argi dago Urdaibai ez dela behar duen jateko guztia sortzeko gai eta bai Euskal Herriko beste eskualde batzuen, bai beste herrialde batzuen premia dugula. Nekez lortuko dugu bertoko kafea, aguakateak, platanoak, edo eta abar, eta abar sortzea. Gure lurrak ez du horretarako balio. Nekez itzuliko gara ere ertaroko sasoira non Lekeitiok bertoko laranjak esportatzen zituen.
Baina bidea ez da bertan gero eta basarritar gutxiago, gero eta arrantzale gutxiago egotea, gero eta jateko gehiago behar denean. Nahitaez behar dugun hau bultzatu beharrean, egiten den esfortsua agroindustriari zuzenduta dago, hemendik kanpora exportatzeko. Baina nora esportatu nahi dute gure jateko gehiena kanpokoa bada!
Subirautsa elikatu beharrean, subirautsa jaten gabiltza Urdaibaien.
Bariku honetan, Maiatzak 9, goizeko 11etan Moyua Plazan
Udaberrian gaude eta baserrietan hamaika lan daude egiteko sasoi honetan. Gure baserrien egoera larriagatik ez bazen izango, oraintxe berten hemen gauden baserritarrok lanean arituko ginen. Lanean izango ginen ere datorren barikuan, Maiatzak 9, ezin dugula gehiago adierazteko Bilbon egingo dugun manifestazioan egongo ez bagina.
Ezin dugu gehiago. Bizkaiko baserrion egoera jasanezina da. Zuek komunikabideak, egunero zabiltzate honen gasoleoaren prezioa igo dela esaten, urunaren prezio igo dela esaten, euriborra igo dela esaten…. eta horiek denak gorantza doazen artean baserritaron gure produktuengatik jasotzen jasoten dugun beherantza doa. Dena doa gorantza, baina esne zentralak baserritarrari esnearen truke ordaintzen diona 0,46 baino gehiagotik 0,36 zentimotara pasatu da erabaki unilateral batean. Honela ezin dugu.
Ezin dugu gehiago, instituzioek miloiak eta miloiak inbertizen dituztenean errepideetan jatekoa kanpotik ekartzeko, bertoko baserriak hutsik geratzen diren artean.
Ezin dugu gehiago, instituzioek autosuficiencia energetikoaz hitzegiten digutenean. Gure soloetatik energia lortu nahi dute, energia horrekin beste munduko puntatik jatekoa ekartzeko.
Ezin dugu gehiago, instituzioek lagundutako banaketa enpresa haundiek jatekoa munduko beste baserritar batzuei miseria bat ordainduta lortzen dutelako. Eta haien miseria gure miseria da, han esplotaziozko ordainsariak direnak, hemen baserritarron desagerpena dira.
Ezin dugu gehiago, baserritarroi lau zentimotan ordaindutakoa erosleek 4 eurotan erosi behar dutenean merkatal zentruetan.
Ezin dugu gehiago, jatekoa produzitzea kostatzen zaiguna baino oraindik gutxiago ordaindu nahi digutenean gero eta gehiago irabazten dituzten banaketa enprea haundiak.
Eta ezin dugu gehiago, instituzioek baserritarrok kontrolatzeko gero eta funtzionario gehiago dituztenean eta bitartean ez dute ezer egiten enpresa haundiek egindako fraude, dunpig politika eta abarrekin.
Euskal Herrian inon ez bezala jaten dela esaten dugu harro harro euskaldunok, baina errealitate gordina zera da: jaten dugun hori gero eta gutxiago dela berton sortua. Horrela ezin dugu jarraitu, ez baserritarrok, ez kontsumitzaileok.
Bada interneten nekazaritza, elikadura, transgenikoak eta mundu horretaz zerbait jakin nahi duzuenontzat/dugunontzat oso interesgarria den webgune bat: www.etcgroup.org Zoritxarrez ez dago euskarazko bertsiorik. Inor animatuko bazen gauza ederra litzateke.
Taldeko Silvia Ribeiro hainbatetan izan da Euskal Herrian batez ere EHNEk egindako bileratan eta aipatzen dituzten gauzek merezi dute hausnarketa bat.
Agian Euskal Herrian dagoen hurrengoan hitzaldiren bat edo antolatu daiteke Busturialdean…
Begiratu www.etcgroup.org
Baserritarrok milaka urte batzuk daramatzagu haziak erein, fruituak batu, haziak gorde eta berriz ereinez, hauek hobetuz, hauek biderkatuz eta beraien bitartez gure ingurukoentzat jatekoa sortuz.
Batek esan zuen eran, EUSKARA DE GURE TERRITORIO LIBRE BAKARRA, EUSKARA DA GURE SORO LIBRE BAKARRA.
Hemen ereitzen dugun Busturialdeko Hitzaren blogen soroko hazi onek uzta ona izan dezala eta laster batean beste hazi batzuek edertu dezatela euskarazko txoko hau.
Zuetariko askok Arnold Schwarzenegger izango duzue buruan oraintxe berton eta ea Schwarzenegger Busturialdeko gobernadore izateko hauteskundeetan aurkeztuko ote den edo zergatik aipatu dudan Terminator delakoa. Ez dut gaurkoan hauteskudeetaz idatziko. Izandakoak izan dira eta ez du zentzu larregi guretzat ezer aldatuko ez duten hauteskunde batzuetaz hitzegitea.
Ez naiz ezta Schwarzenegger delakoaz arduratuko, hori Kaliforniako biztanleek egin dezatela. Bai, ordea, Terminator delakoaz. Ez pentsa filman bezala birsortu eta bisortu egiten den zerbaitetaz idatziko dudala. Izan zitekeen gure eskualdean apurka apurka hedatzen ari den Eukaliptoari buruz. Honek, errotik mozten baduzu, beste arbola bat sortzen du, eta suteren baten erretzen bada ere, berriz sortzen da. Izan daiteke Terminator era bat.
Baina ez, gaurkoan beste Terminator bateaz ari naiz. Egia esan, sortzaileek ez dute horrela deitzen, sortzaileek Erabilpen Genetikoa Mugatzen duen Teknologia deitzen diote, izan luze batekin ezer gutxi adierazteko, baina kontra dauden mugimenduek Terminator deitzen diote… diogu.
Hazi bat da. Hazi mota bat. Bere ezaugarria, transgenikoa izateaz gain, zera da, hazi hori antzua da, ezin da berriz erein. Sortzaileek horrela transgenikoen kutsadura mugatzen dela diote, horregatik sortu dutela eta egia da, baina erdizkako egia, hau da, gezur mota txarrena. Egia da landareak ematen duen hazia antzua dela,baina hazia egin aurretik naturara zabaltzen duen polena ez da antzua. Honen ondorioz, landereak sortutako hazi antzuez gain, inguruetako mota bereko landareen haziak ere antzutu ditzake.
Ez da zientzia-fikzioa, zientzia-terrorea baizik. Edo zientzia-terrorismoa. Baina Terminatorren gertatzen zen bezala, Terminator2, Terminator3 eta auskalo zenbat gehiago egingo dituzten, Terminator haziak badu bere ondorengoa, sortzaileen hitzetan Transcontainer eta herriaren hitzetan, beti argiagoak, Zombi deritzona. Hau ere antzua da, baina hazia saldutako enpresa berak saldutako likido batekin tratatuz gero, bere antzutasuna galdu eta berriz ernetzeko gai bihurtzen da, Zombiek bezala heriotzetik itzultzeko gaitasuna du. Ez nago fabulatzen, euskaldunon atsotitzei joz, izena duena bada, eta bai Terminatorrak, bai Zombiak, badiren gauzak dira.
Gure artean baditugu beste Terminator bat ordea. Ez da zientifikoa, politikoa baizik, agropolitikoa izen berri bat ematearren.
Duela aste gutxi batzuk, Bizkaiko Nekazal diputatua kezkatuta agertu zen prentsaren aurrera, Gernikako Indaba arriskuan zegoela plazaratzeko. Arriskuan gaur egun labela duen indaba horrek bi ekoizle bakarrik dituelako. Pentsa, hainbeste diru promozioan, hainbeste politikastro gauza hauen irudiaz aprobetxatu nahian eta bi baserritar besterik ez daude horren atzean. Produktuaren promozioa bai, baina non utzi dute produktoreen promozioa. Egia da baserritar gehiagok sortzen dugula bertako indaba. Baina Diputazioko buru argi horiek Gernikako Indaba exportatzeko ametsetik, bere desagerpeneko ametsgaiztora eraman gaituzte. Horiek ere, Zombiak bezala, baserritarron heriotza eta gero berpiztuko dira beste proiektu handiren batekin, orain sasia exportatuko dugu.