
2008-09-02 | 10:59:48
Mingain urdinaren gaitzari aurre egiteko neurriak indartu egin ditu Aldundiak
Behiak 8 serotipoarengandik babesteko bakunazio kanpaina hasi du
Mingain urdinaren gaitzari aurre egiteko neurriak indartu dituela jakinarazi zuen joan den asteko barikuan Bizkaiko Foru Aldundiak. Kaleratutako prentsa oharrean jakinarazi zuenez, gaixotasun horren aurkako jarduera-protokoloa indartzea erabaki du Foru Aldundiak. Bizkaiko lurralde historikoan ardien %100ak txertoa hartu duela adierazi zuten prentsa oharrean, baita behien %50ak ere. Azken horiek gaitzaren 1 eta 8 serotipoen aurkako txertoak hartu dituzte. Neurri horiekin mingain urdinaren gaitza gelditu gura du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailaren Neiker laborategiaren albaitariek ezarritako zaintza sistemaren datuen arabera, 198 ustipen egon daitezke kaltetuta. Bakoitzean, 1,5 ardi egon daitezke gaixotuta.
Dena den, abeltzainen artean «lasaitasuna» nagusi dela esan zuen Aldundiak prentsa oharrean.
Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE), bere aldetik, abeltzainak «nahiko kezkatuta» daudela esan du, eta albaitariekin berba egin ostean 1 serotipoa Bizkaia osora hedatuta dagoelaren ustea du sindikatuak.
Bizkaiko abeltzaintza teknikari Alberto Llonaren ustetan, 8 serotipoa kontrolatzea litzateke orain garrantzitsuena. «1 serotipoak ez die kalte handirik egiten behiei, baina 8ak bai».
Okel-behiak, ardiekin batera, neguan bakunatzea erabaki zuen hasiera batean Foru Aldundiak. Izan ere, ardiek urte hasieran berriz hartu beharko lukete txertoa». Hala ere, azken aldian eman diren kasuak direla eta, bakunazio kanpaina hori aurreratzea eta indartzea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.