
2008-06-30 | 17:57:51
Uraren Bandera irabazi du Urdaibaik, Ebroko uretan
Busturialdea bederatzigarren sailkatu da Portugaleteko estropadan
TKE zein KAE ligen lehenengo estropadak jokatu ziren atzo, Ebroko eta Portugaleteko uretan. Urdaibai nagusitu zen Zaragozan, lau segundoko aldea ateraz pasaitarrei. Busturialdea, aldiz, bederatzigarren sailkatu zen.
Uraren bandera lortzearekin batera, estropadaren hamabi puntuak eskuratu zituzten bermeotarrek eta Juan Jose Ibarretxeren eskutik jaso zuten Uraren Bandera.
Patxi Bilbao Urdaibaiko entrenatzailea oso pozik agertu da lortutako emaitzarekin. Zaragozako uretan garaitu izanak konfidantza eman die Urdaibaikoei, baina arretatsu daudela aitortu du Bilbaok, «faborito izateak ez digulako garantiarik ematen».
Portugaleteko XXVII. Banderaren alde borrokatu ziren Busturialdea trainerua osatzen duten mutilak. Lehenengo txandan aritu ziren Isuntza, Hondarribia, Camargo eta Kaiku, eta azken hori izan zen, hain justu, hamabi traineruetan azkarrena, 19:35,15ko denborarekin. Eskualdekoak, aldiz, hirugarren txandan lehiatu ziren eta 20:37,87ko denbora eginez amaitu zuten norgehiagoka.
Zapatuan izango dira TKE zein KAE ligetako hurrengo estropadak. Urdaibaikoak Galiziara joango dira, Rianxeira bandera izango baitute jokoan. Boiro herrian izango da estropada, 18:00etan. Busturialdeakoak, aldiz, ez dira Euskal Herritik aterako, Getxoko portu zaharrean arituko baitira arraunean, lehenengoz jokatzen den Anbilamp estropadan, 17:00etan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Uraren Bandera
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.