
2008-05-13 | 16:53:31
Portuko etxebizitzen eta herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko ditu Portu Zuzendaritzak
Olatu-hormako obrak hasi aurretik portuari eta hango etxebizitzei argazkiak aterako dizkiete.
Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak Bermeoko olatu-horma konpontzeko obrak hastear direla eta, herritarren eta portuzarreko etxebizitzen segurtasuna bermatzeko konpromisoa hartu zuen barikuan Bermeoko Udaleko eta Portuko zenbait ordezkarirekin izandako bileran.
Udala Portu Zuzendaritzarekin batzartzeko itxaroten egon da, olatu-hormaren obra dela-eta ikusten dituzten eragozpenak eurei plazaratzeko. Izan ere, olatu-horma konpontzeko pisu handiak garraiatu beharko dituzte portuzarretik egunero eta egunean hainbat aldiz, obrak irauten duen bitartean.
Xabier Legarreta Bermeoko alkateak azaldu duenez, «berriro planteatu diegu ea ezin diren harri-blokeak itsasotik higitu, eta berriro ere ezezko erantzuna jaso dugu. Teknikoki ezinezkoa dela, aukera bakarra kamioiekin higitzea dela».
Portu Zuzendaritzak aurrera eramango duen jarduera-plana onartu beharra izan badute ere, Udalak herritarren eta portuzarreko etxebizitzen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu zion Portu Zuzendaritzari. Eta azken horrek neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen. «Ziur aski, portuzarreko dike berria ere egingo dutenez, notario baten bitartez argazki batzuk aterako dituzte portua momentu honetan nola dagoen irudietan euki ahal izateko eta obra amaitutakoan nola gelditzen den konparatzeko. Antzeko zerbait egingo dute portuzarreko etxebizitzekin ere. Guretzat garrantzitsuena izan da hori bermatzea eta behintzat lortu dugu Portu Zuzendaritzatik konpromiso hori hartzea».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.